Jaungoikoaren Nahia

Hau da atea ireki eta Zeruko Erreinuan sartzeko giltza: «qui facit voluntatem Patris mei qui in coelis est, ipse intrabit in regnum coelorum» —nire Aitaren nahia egiten duena…, hori sartuko da!

Gauza handi asko daude —ez ahaztu— zuk eta nik Jaungoikoak nahi bezala jokatzeari loturik.

Gu, mugitzen garen eta sentitzen dugun harriak, harlanduak, gara, nahimen guztiz askea dutenak.

Jaungoikoa bera da ertzak leuntzen dizkigun hargina, mailu eta zizel kolpeka, Berak nahi duen bezala antolatuz, aldatuz.

Ez gaitezen aldendu, ez diezaiogun bere Nahiari ihes egin nahi, hala ere kolpeak ezin saihestuko ditugu eta. —Gehiago eta alferrik hartuko dugu min, eta eraikitzeko prest dagoen harri leun izan beharrean, eragabeko legar pila izango gara, jendeak destainaz zapalduko duena.

Etsi?… Onartu?… Jaungoikoaren Borondatea nahi izan!

Jaungoikoaren Nahia erabat onartzeak poza eta bakea dakartza nahitaez: zoriona Gurutzean. —Orduan ikusten da Kristoren uztarria leuna dela eta bere zama arina.

Bakea, bakea! esaten didazu. —Bakea… borondate «oneko» gizakientzat da.

Bakera daraman arrazoiketa, Espiritu Santuak Jaungoikoaren Nahia bete nahi dutenei eginik ematen diena: «Dominus regit me, et nihil mihi deerit» —Jaunaren mendean nago eta ezer ez zait faltako.

Zerk ardura lezake hitz hauek benetan esaten dituen arima?

Aske zaren hori: zure borondatez zerbitzari izan zaitez, Jesusek zutaz ez dezan esan behar Ama Teresari beste batzuez esan omen ziona: «Teresa, nik nahi izan nuen… Baina gizakiek ez dute nahi izan».

Jaungoikoaren Nahiarekin bat egiteko otoitza:

Zuk nahi duzu, Jauna?… Nik ere nahi dut!

Ez zalantzan ibili: Oparia burutuko duen «Fiat» —egin bedi!— bihotzetik ezpainetara ateratzen utz ezazu.

Zenbat eta gertuago dagoen apostolua Jaungoikoagandik, hainbat eta unibertsalagoa sentitzen da: bihotza hazi egiten zaio, Jesusen oinetan mundua jartzeko nahiaren barruan guztiok eta gauza guztiak sar daitezen.

Nahiago dut zure Borondatea, ene Jaungoiko, hura bete gabe —horrelako zentzugabekeriarik ahal baledi— aintza bera baino.

Lurrean zoriontsu izateko sekretua, nork bere burua Jaungoikoaren Nahian uztea da. —Esazu, bada: «meus cibus est, ut faciam voluntatem ejus» —nire janaria haren Nahia egitea da.

Utziera hori da, hain zuzen ere, aurrerantzean bakea ez galtzeko falta zaizuna.

«Gaudium cum pace» hori —poza eta bakea— utzieraren fruitu ziur eta gozoa da.

Axolagabetasuna ez da bihotza lehortuta edukitzea… Jesusek berak ez baitzuen eduki.

Ez zara zoritxarrekoagoa falta bazaizu soberan izango bazenu baino.

Jaungoikoak, beheratu zituen gauza beraietan goratzen ditu bere Nahia betetzen dutenak.

Egunero sarritan galde iezaiozu zeure buruari: egin behar dudana egiten ari al naiz une honetan?

Jesus, zuk «nahi duzuna»… maite dut nik.

Mailak: Jaungoikoaren Nahiarekin etsi: Jaungoikoaren Nahia onartu: Jaungoikoaren Borondatea nahi izan: Jaungoikoaren Nahia maitatu.

Jauna, zure Nahia baldin bada, egizu nire haragi gaixoaz Gurutziltzatu bat.

Ez zaitez erori gurpil zoroan: zuk hauxe pentsatzen duzu: hau honela edo horrela konpontzen denean izango naiz eskuzabal nire Jaungoikoarekin.

Ez ote dago Jesus zu erabat eskuzabal izatea276 ri itxaroten, Berak zuk uste baino hobeto gauzak konpontzeko?

Erabaki sendoa, bidezko ondorioa: egun bakoitzeko une bakoitzean saiatuko naiz Jaungoikoaren Nahia eskuzabalik betetzen.

Zeure nahia, zeure iritzia: horrek arduratzen zaitu.

Segundo batzuetako kontua da… Edozein eginkizun hasi aurretik, pentsa ezazu: Zer nahi du Jaungoikoak nigandik eginkizun honetan?

Eta, Jaungoikoaren laguntzaz, egin ezazu!

Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Eskritura Santuaren erreferentziak
Kapitulu hau beste hizkuntza batean